Jarraipen Batzordea

Protokoloaren zortzigarren artikuluaren arabera, abenduaren 17tik aurrera Protokoloaren lanketarekin jarraitu ahal izateko Jarraipen Batzordea eratu da. Proiektuaren jatorrizko eta oinarrizko espirituari jarraiki, Batzordea gizarte eragileek osatuko dute. Jarraipen Batzordearen funtzio nagusiena Protokoloak ezarrita dituen lan ildoak lantzea izango da.

Euskalgintzaren KONTSEILUA arduratuko da Jarraipen Batzordearen idazkaritzaz.

Nork osatzen du ?

UNPO- ORDEZKARITZARIK GABEKO NAZIOEN ETA HERRITARREN ERAKUNDEA

unpo_250Nazioarteko erakundea da. Herri indigenetako, gutxiengoetako eta lurralde aitortzarik ez duten edota lurraldea okupatuta duten taldeetako kideek osatzen dute. Horiek guztiek bat egin dute haien giza zein kultura eskubideak edota ingurumena babesteko, eta eragiten dien gatazkei irtenbide baketsuak aurkitzeko. UNPOko kideen helburuak desberdinak izan arren, baldintza batek batzen ditu: Nazioarte mailan ez daude egoki ordezkatuta.

Horrexegatik, UNPOk nazioarteko foro bat sustatzea du helburu, bere kideak partehartzaile eta ekarpen egile eragingarriak izan ahal izateko nazioarteko komunitateari begira. Izan ere, mundu gero eta interdependentean bizi gara eta, beraz, gero eta garrantzitsuagoa da eskubideak ukatuak dituzten horiek zeinek bere egoeraren berri aurkezteko aukera izatea.

UNPOren egoitza nagusia Bruselan dago eta lan handia egiten dute Europako Batasunean. Europako instituzioekin eta Europako Parlamentuko talde politikoekin lana erraztea du helburu. Horrela, bitartekari aktiboa da aholku emaile gisa.
www.unpo.org

 

linguapax_250

LINGUAPAX INTERNATIONAL
Munduko hizkuntza aniztasuna balioztatzeko eta babesteko gobernuz kanpoko erakundea da. UNESCOk 1987an sortu zuen, baina orain erakunde independentea da. LINGUAPAXen arabera hizkuntzek gizateriaren kultur aniztasunaren aberastasuna adierazten dute eta, beraz, horien babesa bakearen eta nazioarteko elkar ulertzearen aldeko oinarrizko ekarpena da. Horretarako, LINGUAPAXek soziolinguistikaren eremuko ikerketa koordinatu eta gizarteratzen du.

Halaber, hizkuntza aniztasuna babesteko prozesu ideologiko, legegile edo politikoetan aholkuak ematen ditu, bai eta hizkuntza-komunitate zehatzen berreskurapenerako programetan ere. LINGUAPAXek urtero nazioarteko saria banatzen du gizarte eragileetako ordezkari edo linguistei hizkuntza aniztasunaren edo hezkuntza eleaniztunaren alde egindako lanarengatik.

LINGUAPAXek aholkularitza lanak egin izan dizkie hizkuntza politikaren eta plangintzaren esparruan hainbat gobernuri, besteak beste, Txina, Brasil, Paraguay edo BolIvia. Halaber, hizkuntzen berreskurapenarekin lotutako proiektuetan lan egin izan du Nigerian, Hego Afrikan, Senegalen, Tanzanian, etab.
www.linguapax.net

 

PEN INTERNATIONAL –  ITZULPEN ETA HIZKUNTZA ESKUBIDEEN BATZORDEA
Mundu zabaleko idazleen elkarte honek leku guztietako idazleen arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea du helburu, kideek edozein ikuspuntu politiko edo bestelakoa badute ere. Elkartearen jomugak dira adierazpen askatasunaren alde borrokatzea.

Hizkuntza gutxituetan egindako literatura beste hizkuntzetara itzultzeko baliabideak eskaintzeaz gain, hizkuntza txikien arteko itzulpenak ere sustatzen ditu. Estaturik gabeko hizkuntzen defentsan ere aritzen da eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala sustatu egin zuen, bai eta Hizkuntza Eskubideen Gironako Manifestua ere.

100 herrialde baino gehiagotan kokatutako 144 zentrok osatzen dute PEN International eta estatus aholku-emailea du Nazio Batuen Erakundean.
www.pen-international.org

 

ELEN – EUROPAKO HIZKUNTZA BERDINTASUNAREN ALDEKO SAREA
Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sarearen helburua hizkuntza gutxiagotuen (gutxiengoen hizkuntzen, hizkuntza nazional txikien, ko-ofizialen, indigenen, erregionalen…) sustapena eta babesa da. Hizkuntza berdintasunerantz lan egiten du, beti ere giza eskubideen markuan eta hizkuntza hauen hiztunen ahotsa darama tokiko, eskualdeko, estatuetako eta nazioarteko mailako erakundeetara. ELEN gobernuz kanpoko erakundea da.

ELEN 2011. urtean sortu zen, European Bureau for Lesser Used Languages’ (EBLUL) erakundean parte hartzen zuten batzordeak eta Eurolang oinarri harturik. Gaur egun, Europa mailan euren hizkuntzen normalizazioan lan egiten duten gizarte zibileko erakundeen gehiengoak bat egin du ELENekin.

ELENen egitekoa 50 milioi pertsonaren ordezkaritza aurrera eramatea da; eskualde hizkuntza bat edo hizkuntza gutxitu bat erabiltzen duen Europar Batasuneko populazioaren %10arena. ELENen biltzen dira Europako 18 estatutako 44 hizkuntza komunitatetako eragileak.

 

CIEMEN
CIEMEN gizarte zibil katalanaren erakundea da eta bertako errealitate nazionala munduaren aurrean ezagutarazteko eta sustatzeko lan egiten du, bai eta estaturik gabeko herrien eta nazioen ezagutza hedatzeko eta haien eskubide kolektiboak defendatzeko ere.
Hizkuntzaren eremuan, hizkuntza eskubideen defentsaren alde eta hizkuntzaren erabilera sozialaren alde bideratutako hainbat ekintza egin izan ditu. CIEMENen lan arloak hiru dira nagusiki: Ezagutzaren promozioa, nazioen eta gutxiengo etniko guztien eskubideekiko aitorpena eta elkartasuna. Azkenik, aipatu behar da CIEMENek Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren idazkaritza teknikoaren ardura izan zuela.
www.ciemen.cat

 

ECMI – GUTXIENGOEN GAIETARAKO EUROPAKO ZENTROA
ECMIk praktika eta politikari buruzko ikerketak zuzentzen ditu, informazioa eta dokumentazioa ahalbideratzen ditu eta aholku zerbitzuak eskaintzen ditu gehiengo eta gutxiengoen inguruko gaietan. Europako Gobernuak eta gobernuen arteko erakundeak aholkatzen ditu, baita eta gutxiengoen taldeak ere. Zentroa komunitate akademikoarekin, hedabideekin eta publikoarekin, oro har, lankidetzan ari da informazio puntuala eta azterketak ahalbideratuz. 1996an sortu zen. Instituzioa independentea da eta diziplina anitzekoa. Zentroak harreman aktiboa mantentzen du gatazken konponbidean eta etnien arteko harremanetan inplikatuak dauden beste instituzio akademikoekin eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin. Arlo horietan lankidetza proiektuak burutzen ditu.
www.ecmi.de