Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Europako Parlamentuko Intergrupoan aurkeztu du eta Europako Kontseiluko zenbait arduradunekin bildu da Estrasburgon

Paul Bilbaok adierazi bezala “Abenduaren 17an, Donostian, zerbait garrantzitsua lortu genuela esan genuen, etorkizunari begira, hogeita hamar hizkuntza-komunitate baino gehiagoko ehundik gora eragilek, Europa beste oinarri batean eraikitzeko tresna adostu genuela esan genuen, eta orain uzta hori Europako instituzioetara ekarri nahi izan dugu”.

Izan ere, gaur goizean Paul Bilbaok Intergroup for Traditional Minorities, National Communities and Languages delako taldean aurkeztu du Protokoloa. “Egia da, bai, Europako Batasunak ez duela inolako erabakirik hartu nahi Estatuei hizkuntza-politika demokratikoak abiarazi ditzaten, baina Europako Batasuneko Itunak edota Oinarrizko Eskubideen Gutunak jasotzen dituen printzipioak Europa osoan betetzeko oso erabilgarria da Protokoloa” esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, Protokoloak neurri zehatzak jasotzen ditu herritarren eskubideak bermateko; gizarte eragileek definitutako bide-orria dakar Protokoloak, eta beraz, Europa osoan hizkunza-eskubideen bermea modu homogeneoan egikaritzeko tresna da.

Bilbaok Europako Parlamentarioei gogorarazi die 2013ko irailean arriskuan dauden hizkuntzen eta hizkuntza aniztasunaren inguruko ebazpena onartu zutela. “Protokoloa aipatu ebazpenak jasotzen zituen betebeharrak betetzeko arras lagungarria izango dela esan diegu Parlamentarioei. Protokoloak duela lau urte egin zituzten eskaera orokorrak, modu pragmatikoan betetzeko bidea eskaintzen duela gogorarazi diegu” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak.

Bidaia probestuz, Paul Bilbao Europako Kontseiluko hainbat arduraduekin bildu da, besteak beste, Gutxiengo Nazionalen Babeserako Hitzarmen-markoko arduradunarekin, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunako idazkaritzako arduradunarekin, Berdintasunerako eta Diskriminazio Ezarako Batzordeko buruarekin, etab.

“Etorkizunari begira Protokoloa Euroituna betetzeari begira tresna osagarrria izan daitekeela ondorioztatu dugu Itun horretako arduradunarekin. Are gehiago, bat egin dugu gizarte eragileon proposamenak oso eragingarriak izan daitezkeela Europatik egiten diren gomendioak osatzeko. Horrexegatik, Europako Kontseiluaren eta gizarte eragileen arteko zubi sendoak eraiki beharra ondorioztatu dugu” azadu du Bilbaok.

Oraindik lehen bilera izan bada ere, Kontseiluko ordezkariak etorkizun handia ikusten die egunotan mahai gaineratu diren ideiei. Are gehiago, egunotako bilerak kontuan hartuta, urtea amaitu baino lehen aurreikusten du Protokoloak erreferentzia zehatza izango duela Europako Kontseiluan. “Iazko abenduan esan genuen lan itzela egin genuela Protokoloa osatzeko, baina lan itzela genuela Protokoloak tokia har dezan Europako instituzioetan, bada, tokia hartzen hasia dela esan dezakegu” gaineratu du Bilbaok.