Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa

1996an, Bartzelonan, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala aldarrikatu zen. Hogei urte joan dira dokumentu hori onartu zenetik, eta Donostiak 2016an Europako Kultur Hiriburutza izango zuela kontuan hartuta, Euskalgintzaren Kontseiluak Donostia 2016 Fundazioari hizkuntza-eskubide horien onarpenean eta bermean urrats praktikoa egiteko balioko zuen proiektu bat abian jartzeko aukera eskaini zion. Honela jarri genuen martxan 2015eko martxoaren 31ean Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko protokoloa osatzeko proiektua.

Prozesu hau bideratzeko Talde Antolatzailea eratu genuen, eta bertan nazioartean ospe eta eskarmentu handia duten sei erakunderi egin genion gonbita parte hartzeko: CIEMEN, LINGUAPAX, UNPO, ELEN, PEN INTERNATIONAL eta ECMI. Horretaz gain, 2015eko abenduan Batzorde Zientifikoa eratu genuen. Batzorde hori hainbat eremutako adituek osatua dago, hain zuzen ere, Protokoloaren erredakzioan laguntzeko eta gizarte eragileen ekarpenei babes akademikoa emateko.

Hortaz,Donostiako Protokoloaren proiektuaren muina zera izan da, gizarte eragileen, erakundeen eta adituen arteko prozesu bat zabaltzea hizkuntzen arteko berdintasuna bermatzeari begirako protokolo bat prestatzeko.

Protokoloa jorratzeko metodologia bera nahiko sinplea izan da, nahiz eta prozesu osoa konplikatua izan den, ahalik eta hizkuntza-komunitate gehienen iritziak jaso nahi genituelako. Batzorde Zientifikoak Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak jasotzen dituen zazpi eremuetako (Printzipioak, Administrazio Publikoa, Hezkuntza, Sozioekonomia, Onomastika, Hedabideak eta teknologia berriak eta Kultura) artikuluen azterketa egin zuen eta bertan aitortzen ziren eskubide guztiak identifikatu zituen.

Lan horretan oinarrituta, hizkuntza gutxituen normalizazioaren alde lan egiten duten hamarnaka eragile sozialek ekarpenak egin zituzten, hain zuzen ere, eskubide horiek bermatzeko hartu beharko liratekeen neurriak eta neurri horiek betetzen direla ebaluatzeko adierazleak proposatuz.

Horixe izan da prozesuaren alderik aberasgarriena. Hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko ehunetik gora eragilek ekarpen zehatzak, neurri zehatzak, proposatu zituzten hizkuntza-eskubideak bermatzeari begira. Zeinek bere egoeratik eta zeinek bere beharretatik, baina helburu bera: egoera gutxituan dauden hizkuntzetako hiztunen eskubideak bermatzeko bide-orria zehaztea.

Kontseiluak ehunka ekarpen jaso zituen eta Batzorde Zientifikoaren esku utzi genituen eta Batzorde horrek ekarpenen bigarren orrazketa egiteaz gain, ikuspegi akademikoa eman zion dokumentuari. Hori guztia amaitutakoan, 185 neurriko dokumentu bat aurkeztu zitzaigun.

Hartara, Protokoloaren neurriak adostuta, Talde Antolatzaileak dokumentuaren printzipio orokorrak zein ziren zehaztu zituen; alegia, Protokoloa ardazten duten printzipio nagusiak zein ziren definitu zituen. Hamaika dira Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa ardazten duten printzipio orokorrak: Hizkuntza-eskubideak; hizkuntzarengatiko bereizkeria; hizkuntzen estatusa: hizkuntzen ofizialtasuna; araubidea; neurri zuzentzaileak; baliabideak; diskriminazio positiboa; unibertsaltasun printzipioa; arnasguneak eta memoria historikoa.

Printzipio orokorrekin lotutako neurrien ostean, gorago aipatu dugun eremuz eremukako neurriak jasotzen ditu Protokoloak.

Zalantzarik gabe Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren ekarpen praktikoaz harago, beste behin azpimarratu nahi dugu gizarte zibiletik eta gizarte zibilak adostutako proposamena izan dela, eta prozesu honen helburu nagusienetakoa izan dela hizkuntza-komunitateak prozesu horretan subjektu gisa aurkeztu eta gizartea bera hizkuntza-kudeaketa justuaren bermatzailea izan dadila aldarrikatzea.

Hizkuntzen beharretatik lan egiten duten ehunka eragile horiek, ezelango mendekotasun politiko edo instituzionalik gabekoak, milioika hiztunen bozeramaile dira, eta horixe da Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren indargunea.

Indar ikaragarri hori ikusgarria izan zen abenduaren 17an Donostiako Kursaal jauregian Protokoloaren lehen eragile sinatzaileen taldea aurkeztu genuenean. Europako hogeita hamar hizkuntza baino gehiagoko ehundik gora eragilek osatu dute lehen talde hori, eta horiek guztiak bozgorailu bihurtuko dira. Eragile horiek guztiak gizarte ongizatean, bizikidetzan eta bakean oinarritutako Europa berri bat eraikitzeko bozgorailuak izango dira, izango gara. Bagara nor!!!