Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezekin bildu da gaur Kontseilua. Iazko abenduaren 17an Kursaalen aurkeztutako Donostiako Protokoloa izan dute hizpide Aznarezek, Paul Bilbaok eta Haizpea Abrisketak, Kontseiluko idazkari nagusiak eta proiektuaren arduradunak, hurrenez hurren.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak edo Donostiako Protokoloak 185 neurri jasotzen ditu. 1996an Bartzelonan sinatutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren gauzapen praktikoa egin dadin neurriak dira guztiak.

Nafarroan lehen aldiz euskararen plan estrategikoa egin den unean egin dute bilkura bi ordezkariek eta hain zuzen ere, testuinguru horretan Donostiako Protokoloa aintzat har dezaten gonbidatu du Bilbaok Aznarez.  Aznarezek, bere aldetik, gizarte eragileek egindako lanari balioa aitortu dio eta horrelako prozesu bat hain ondo burutzeko benetako beharra egon behar zuela adierazi du. Halaber, Aznarez andreak Parlamentu batzorde batean aztertzeko prozedura azaldu die eta horrela egingo du Kontseiluak datorren astean.

Paul Bilbaok gogora ekarri du abenduaren 15ean Vascuencearen legearen karira Kontseiluak antolatutako ekitaldia, zeinetan Aznarez andreari luma bat oparitu zion euskararen lege berri bat idazteko prozesua sustatzeko. “Protokoloak euskararen lege berri horrek zein ezaugarri beharko lukeen eta zer neurri jaso beharko lituzkeen erakusten duen ituna da, eta beraz, arras erabilgarria Nafarroan” gaineratu du Bilbaok

Behin gizarte eragileek onartuta, orain arduradun politikoen engaiamendua bilatuko du Kontseiluak. Gaur Nafarroako Parlamentuko presidentearekin egindako bilera, erronda horretan lehena izan da. Hilabete honetan bertan bilduko da Bilbao Gasteizko Legebiltzarreko presidentearekin aurkezpen bera egiteko. Bidenabar, Katalunian ere hasi dute bilera-erronda arduradun politikoekin eta ondoren egingo dira hizkuntza-gutxiagotuak dituzten Europako herrialdeetan gisa honetako harremanak.

Gogoratu, 2015eko martxoaren 31n hasi zuela bere ibilbidea proiektuak, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren baitan. Eta prozesu parte-hartzaile baten bitartez, hogeita hamar hizkuntza gutxituren berreskurapenaren alde lan egiten duten Europa osoko gizarte ehundik gora eragileren ekarpenekin osatu da dokumentua.