Kontseiluko ordezkariekin batera egin du Aiacciun agerraldia Korsikako Biltzarreko presidente Jean-Guy Talamonik horren berri emateko

Korsikako Lurralde Kolektibitateak gonbidatuta, Kontseiluko ordezkariek Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpena egin dute Lurralde Kolektibitatearen hiru bilgunetan: Biltzarreko Garapen Sozial, eta Kulturalaren Batzordean, estatus aholku-emaile duen Kontseilu Ekonomiko, Sozial eta Kulturalean eta berriki sortu den Gazteriaren Biltzarrean.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok agerraldia baliatu zuen bi elementu azpimarratzeko. “Batetik, gogoratu behar dugu Protokoloa gizarte eragileen aldetik inoiz egin den prozesu parte-hartzaileena izan dela, eta gainera, ez dagoela hizkuntzaren eremuan horrenbesteko sostengu sozialik duen proposamenik. Bestetik, Protokoloa bide-orri zehatza dela izan behar dugu kontuan, egoera gutxituan dauden hizkuntza-komunitateen eskubideak bermatzeko neurriak biltzen ditu.”

Horrekin batera Kontseiluko ordezkariak eredugarritzat hartu du prozesua abiatu izana. “Behin eta berriro diogu hizkuntzaren normalizazio-prozesua politikoa eta soziala dela. Beste instituzio batzuek Korsikako Biltzarrak hasitako bideari jarraitzea nahiko genuke, horixe baita Protokoloaren bokazio nagusia.”

Izan ere, Korsikako Biltzarreko presidente Jean-Guy Talamonik, azpimarra jarri du Protokoloak duen balio bikoitzean. Bere ustez, Protokoloak neurri zehatzak egikaritzea ahalbidetzen du eta balio politiko handiko dokumentua izanik, Parisen aurrean aldarrikapenak egiteko argudio bat gehiago da. “Protokolo hau Europa osoko gizarte eragileek egin eta izenpetu dute. Korsikako kolektibitateak Biltzarrera eramango du, babesa berrets diezaion. Dokumentu hau eskubideak aitortuak ez dituzten hizkuntza komunitateei zuzendua da eta Korsikarentzat beraz tresna eraginkorra izan daiteke.” gaineratu du Biltzarreko presidenteak.

Azkenik, bidaia korsikeraren alde lanean dauden gizarte eragileekin biltzeko baliatu dute Kontseiluko ordezkariek. Horrela, Parlemu Corsu erakundearekin lan-saioa egin dute Protokoloaren korsikeraren Kaiera prestatzen hasteko.