Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, AMESAko lehendakari Marcos Maceira eta Consello da Cultura Galegako lehendakari orde Rosario Álvarez, Galiziako Parlamentuko presidente Miguel Santalices Vieirarekin bildu dira eta Protokoloaren berri eman diote.

Paul Bilbaok gogoratu nahi izan du Kontseiluko Batzar Nagusiak erabaki zuela 2017ko lan-ldo estrategikoetako bat Protokoloaren garapena izango dela, eta hor kokatu ditu egunotan egindako aurkezpenak eta bilerak.

Kontseiluko idazkari nagusiak Protokoloa osatzeko prozesua azaltzeaz gain, gogora ekarri du Galiziako Parlamentuak duela hogei urte aho batez onartu zuela Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala “hortaz, egokia iruditu zaigu Deklarazioa onartu zuen parlamentuari bertan biltzen diren eskubideak bermatzeko neurriak zein diren zuzenean azaltzea,” esan du.

Parlamentuko presidenteak interes handia erakutsi du Protokoloan eta administrazioaren atalean lehentasunezko eremua osasungintza izatea oso positiboki baloratu du. “Egia esan, poztu gaitu Santalices jaunak osasun arretan berezko hizkuntza erabili ahal izateari horrenbesteko garrantzia eman izana, eta alde horretatik berretsi nahi dugu Protokoloaren balioa”.

Consello da Cultura Galega erakundeak gonbidatuta, Kontseiluko ordezkariak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu du erakunde horrek antolatzen dituen jardunaldietan. “Abenduaren 17an Kursaal jauregian lortu genuen argazkia gizarteratu behar dugu, egoera gutxituan dauden hizkuntza-komunitateek Protokoloa bere egin dezaten” azaldu du Bilbaok.

Horrekin batera, Kontseiluko eta AMESAko ordezkariak, Protokoloaren Batzorde Zientifikoko kide Maria do Pilar Garciarekin batera, Real Academia Galega erakundeko lehendakari Vitor Freixánsekin bildu dira eta hari ere Protokoloaren prozesuaren berri eman diote. “Bilera horretan ondorioztatu dugu Protokoloa instituzioen eta gizarte eragileen arteko zubiak eraikitzeko tresna eragingarria izan daitekeela” esan du Kontseiluko eledunak.

Galiziako aurkezpenaz gain, egunotan Bartzelonan garatzen ari den Hizkuntza indigenen eta gutxituen Biltzarrean ere egin du Kontseiluko ordezkariak Protokoloaren aurkezpena. Eta, bide batez, Kataluniako Generalitateko arduradunekin bilera egin zuen astelehenean Bartzelonan.

Galiziako aurkezpenez gain, Kontseiluko ordezkariak Protokoloa aurkeztu du Bartzelonako Unibertsitateak antolatutako “Hizkuntza indigenen biziberritzea” izeneko nazioarteko biltzarrean, eta Kataluniako Generalitateko hizkuntza-politikarako arduradunekin bildu da. “Generalitatea hasieratik izan dugu bidaide Protokoloan eta gogoratu nahiko nuke lehen argitalpena katalanez ere dagoela haiei esker. Orain, okzitanierazko bertsioa argitaratuko dugu. Horrekin batera, azpimarratu nahiko nuke Generalitateak erakutsitako jarrera abegikorra Protokoloak biltzen dituen neurriak aplikatzeko” esan du Bilbaok.